Liburuak

Jon Arretxe

Ostegunak (1997)

Editorearen oharra: Euskal literatura serioa iruditzen zaizula? Ez zarela inoiz dibertitzen liburu bat irakurtzen? Orduan ez duzu "Ostegunak" ezagutzen. Jon Arretxeren azken lan hau umorearen, "desmadrearen", ondo pasatze axolagabearen apologia hutsa duzu, alde guztietatik.

Izenburua, estudiante asko biltzen diren hirietako girotik dator: ostegunekoa da ikasle horiek asteburuan etxera itzuli aurretik bertan pasatzen duten azken gaua, eta zuku guztia atera nahiko diote; denak kalera atera eta hantxe hasten dira poteoa, parranda, ligatzeko ahaleginak eta bestelako erokeriak. Bost ipuinetan zehar, era guztietako pertsonaia eta egoera xelebreak agertuko zaizkizu: gaueko parranda giroan "tunoen" konpetentzia jasan ezin duen koadrila baten gorabeherak, bere maitasun platonikoarekin oheratzeko estrategiak lantzen dituen gizajoa, bertako neskekin ezin eta ligatzeko asmoz Aste Santuan Malagaraino jotzen duen lagun taldea, azken ordura arte batere ikasi ez eta azterketa bezperan txuletak egiten hasten den ikaslearen estuasunak, etxe azpian bizitzera atso marmarti bat datorkien pisukideen larrialdiak…

Hizkuntza erraz eta zuzen batean idatziz eta umore batzuetan zoro besteetan beltz eta krudel bat erabiliz, atseginez eramango zaitu Arretxek bere istorioetan barrena, eta atsegin hori beteagoa egiten da amaiera bokoitzean espero ez duzun ustekabea topatzean. Hitz batean esateko, bere alaitasun eta ganoragabekeria honekin, bizipoza dario bilduma osoari, eta halakoxea da bukaeran uzten duen gustu ederra.

 

Ostiralak (1999)

Editorearen oharra: Ikasle-garaia amaitzearekin batera parranda-giroari ere betiko agur esateko zorian egoten dira hainbat gazte. Horixe da Ostiralak liburuko protagonisten kasua, zalantzan baitaude patuari amore eman eta lan-mundu zailean sartu, ala bizimodu on horri nola edo hala eusten saiatu, irudimena erabiliz.

Irakurtzean ondo pasatzeko sei ipuin bildu ditu Jon Arretxek, eta era guztietako armak erabili ditu horretarako: irria pizten duen ironia fina batzuetan, algara sortarazten duten xelebrekeriak besteetan; ez dira falta sexu-kontu pikaroak, ezta irakurlearen konplizitatea lortzeko keinuak ere, han-hemen barreiatuta. Istorio bixiak, hizkuntza kalekoa eta giro alaia: horra hiru osagai liburu hau guztiz gustagarria egiten dutenak.